Proiektua 1979an hasi zen, aurretiazko ikerkuntza faseaz
Hainbat etapa igaro ditu 25 urtean zehar, praktikara eramateko, sakontzeko eta orokortzeko, eta horien guztien bidez azkenean sistema bihurtu da. Eta sistema esaten diogu bere elementu guztiak, hala nola giza elementuak, fisikoak, hezkuntza helburuei lotuak, antolaketakoak, bizi-jarduerak, metodologia, baliabideak eta abar elkarrekiko harremanean daudelako uneoro, eta bakar-bakarrik elkarrekintza sistematiko horren baitan du zentzua elementu horietako bakoitzak.
SISTEMA
ERAIKITZAILE
BAT
Ez da metodo bat, baizik eta laneko sistema bat; diziplina arteko sistema bat, kontzeptuala, antolakuntza eta plangintzakoa, hausnarketa, analisi eta erabakiak hartzeko sistema bat. Sistema irekia esaten dugu, bizitza bera ere irekia delako, eta elementu berriak ere bereganatzeko gai delako, elkarrekintza berriak sortuz bere antolakuntza sistematikoa galdu gabe.
1990en Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren Hezkuntza Berrikuntzako Zentrotzat hartu zuten Amara Berri, eta ordura arte garatzen ari zen bi eginkizunak aitortu zizkioten, honakoak baitziren, ikerkuntza eta berrikuntza pedagogikoa eta beste ikastetxe batzuetako irakasleen prestakuntzarekin lotutako ekintzak. EAEko hainbat saretako ikastetxeei aholkularitza eskaintzen zaie. EAEko zein kanpoko profesional eta erakundeentzat ere zabalik dago ikastetxea, sistema ezagutu edota sisteman trebatu nahi dutelarik.
Gaur egun 1400 familia dira ikastetxe hau aukeratu dutenak
Guraso Elkarteen eta hainbat batzorderen bidezko partaidetza maila handia da. Hezkuntza Komunitateak, Eskola Kontseiluaren bidez (30 pertsona), bere gain hartzen du Ikastetxearen erantzukizuna eta ordezkaritza hainbat eginkizunetan.
Proiektu honen eragilea Loli Anaut izan zen. Bere planteamendu pedagogikoak, bere lan etengabea, bere kemen eta ahaleginak posible egin zuten irakasle talde handi bat eginkizun hauetarako elkartzea eta oso helburu garrantzitsuak lortzea, hezkuntza-kalitate handiaren bidetik betiere. Hainbat urtetan zehar Zuzendari Pedagogikoa eta Amara Berri Sistemaren kontzepzio berriaren arima izan zen; eta sistema hau gure ikastetxean izateaz gain, Erkidegoko beste hemezortzi ikastetxerekin koordinatzen da. Banaka zein taldeka atera izan dituen argitalpenak esaten ari garen guztiaren isla garbia da.